-->

Gasteizko jaietako elementu garrantzitsuenak dira neska eta blusa koadrilak. Ama Zuriaren jaiak intentsitate handienaz ospatzeko modua blusa edo neska izatea dela diote, eta ez dira gutxi hori aukeratzen dutenak: 80 pertsona inguruko 20 taldetik gora daude… baina gutxik dakite zein den koadrila hauen jatorria.

Duela urte asko, Los Alegrios koadrilakoek kontatu digutenez, lanetik irten eta zezenetara joaten ziren gasteiztarrak, La Blanca zezen-feria izaten zen egunetan; laneko jantziak aldatu gabe eta ardo zahatoa, txorizo otartekoa eta patxarana esku artean zutela. Irudi bitxia sortzen zen zezen plazan: harmailetako zati bakoitzak kolore bat zuen: errementarien urdina alde batetik, okinen txuria bestetik, Heineken banatzaileen berdea bestetik…

Zezenak bukatu eta tabernaz taberna itzultzen ziren erdialdera, alkohol karga ederraz. Itzulera hau abestuz eta dantzatuz egiten zuten, ardoak jendeari sortzen dion poztasuna dela-eta. Batzuk laster animatu ziren txistua eta danbolina ere eramatera, kantuekin batera jotzeko… langile taldeak ziren, bakoitza bere laneko uniformea jantzita, guztiak bere musikarekin eta txorakeriak egiten. Badirudi gasteiztarrek ondo pasatzen zutela hau ikustean, eta hor sortu ziren “paseillo” famatuak. Laneko jantziak, blusak alegia, ziren koadrila bakoitzaren ezaugarri nagusia… eta hortik ei dator kolektibo honen izena.

Blusak, gaur egun
Gaur egun ofizializatu egin dira blusa eta neska koadrilak, eta ez dute bere jatorriarekin zerikusi zuzenik. Blusa eta Neska Batzordean elkartuta daude koadrila guztiak, eta bere esku daude Gasteizko jaietako ekitaldi asko. Laneko jantzietatik, era traketsean herrikotua izan den baserritar jantziaren estereotipora eboluzionatu dute (blusa beltz, urdin edo koadrodunak; marradun prakak; abarkak, txapela eta alkondara txuria). Talde hauek hainbat ekitaldi antolatzen dituzte: nagusien egoitzetara bisitak, dastatze gastronomikoak, umeentzako ekintzak… baina joan-etorriko “paseilloak” dira, zalantzarik gabe, blusen ekitaldi garrantzitsuenak.

¿Quieres hacer un comentario a esta noticia?